Bide Berdea
Vasco-Navarro trenaren Bide Berdea (“trenico” esaten zitzaion, hau da, tren txikia) Lizarra eta Gasteiz lotzen zituen trenbide zaharraren tarte egokitua da. 1967an utzi zion ibiltzeari.
Trenbidearen trazatu osoaren tarte txiki bat egokitu da, Lizarrako irteeratik Zubielkiraino (3 bat kilometro), eta Murietatik Antoñanara (Araba) bitarte doan tartea , 24 kilometro ingurukoa.
Bidearen trazatua ia laua da; beraz, ezin hobea txirrindularientzat eta ibiltarientzat, eta egokia ere haurrentzat.
Eremuen arabera, tarte batzuk oinezkoendako eta txirrindulariendako dira bakarrik, eta beste batzuk, berriz, mistoak, hau da, ibilgailu motordunekin batera egin beharrekoak, baina ez dago trafiko handirik; gehienez, ere. inguruko etxaldeetara doan autoren bat edo beren alorretara doazen nekazariak.
Bide Berdea Murietatik
Ibilbideak hainbat informazio-panel ditu. Murietatik abiatuta, Bide Berdea trenbide zaharretik hasten da. Gero, zuzen luze baten ondotik, Antzineraino iristen da, Mendilibarri ezkerrean utzita. Behin Antzinen, uraren dorreak gorazarre egiten dio vasco-navarro trenbideak lehenago izandako ospeari. 12 metroko garaierak, oinplano karratuak eta silarriak gogora ekartzen digute eraikuntza horretan 2.000tik gora litro ur gordetzen zirela geltokiko erreaktibadore elektrikoak freskatzeko. Antzin herria zeharkatu eta gero, tren-geltoki zaharra ezkerrean utziko dugu; egun zaharberritua dago eta herriko udaletxea da. Ibilbide osoan zehar, geltoki zaharrak zeharkatuko ditugu, bai eta trenari lotutako eraikin zaharrak ere. Eraikin horietako batzuk zaharberrituak daude; beste batzuk, berriz, hondatuak, eroriak.
Antzin eta Acedo Artean 5 km dira. Zuzen luzeak daude, bidearen alde banatan landaretza ugaria dagoela. Ega ibaia eta tunel txiki bat gurutzatzen dira. Acedon 300 metro inguru daude egokitu gabe eta errepidera atera behar da, herriaren sarreran, baina ongi seinalizatua dago. Behin herrian, berriz ere bideari lotzen zaio.
Aurrerago, bideko lekurik bereizgarrienetako bat dago: Arkijasko tunela, 1.400 metro baino luzera handixeagoa duena. Bideko nafar tartea Zuñigan bukatzen da eta, handik aurrera, Arabako lurretarantz jarraitzen du.