Leku interesgarriak
Murietak eraikin eta txoko interesgarri asko ditu. Ez galdu hori guztia bisitatzeko aukera, gure herrira etortzen bazara. Berdin dio norekin zatozen! Adin guztiendako planak ditugu eta! beraz, Murieta ezagutzeko gonbitea egiten dizugu, gure lekurik adierazgarrienei buruzko lagin honen bidez.
Tren-geltokia
Eraikina Tomás de Urbinak eraiki zuen 1925ean eta, lehenago, Vasco Navarro trena erabiltzen zuten bidaiariak hartzeko lekua izan zen. Trena herrian barna ibili zen 1927tik 1967ra.
Hiru solairuko eraikina da eta dorre hexagonala du. Hormak silarrixkaz eraikiak daude.
Trena ibili zen urteetan, eraikineko behe solairuan tren-txartelak saldu ziren. Bertan ere itxarongela eta bulegoak zeuden. Goiko bi solairuak, berriz, etxebizitzak ziren. Tren-zerbitzua bukatu ondoren, Murietako tren-geltokia birgaitu zen eta, agur egun, herriko udaletxea da.
San Esteban parrokia-eliza
XIII. mendeko monumentua da. Eliza XVIII. mendean berritu zen. Harri landugabea eta harlandua erabili zuten eraikitzeko. Eraikina protogotikoa da, Barrokoan aldatua.
XIII. mendeko hasierako eraikinetik, oinplanoa iritsi zaigu, oso triangelu luzea osatzen duena eta, era berean, inguruz inguruko hormak, nabearen azken lau tarteetako estalkia, hots, kanoi zorrotzak dira parpain-arku sendoen artean, mentsula lauetan zurkaiztuak.
Hasierako eraikin hartako dorrea ere kontserbatu da, fuste prismatikoa duena; errematea, dena den, XIX. mendeko eranskin neoklasikoa da. Elizako solairuetako horman, dorrearen ondo-ondoan, trazeria gotiko flamigeroko idi-begi bat dago, Santa Gema monasteriorik ekarria, epistolako hormako leiho bikiak bezala.
Gainerako bi tarteak Barrokoan estali ziren bi kanoi-gangekin eta erlaitz luzeen gaineko lunetekin; alboetako bi kaperek eraikuntza modernoak dirudite, beren proportzioengatik eta nabearen tarteekiko antolaera asimetrikoagatik.
Hasierako bataiarriaz gain, elizan zurezko hiru Gurutziltzatu daude, polikromatuak, eta Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula bat ber eeskulturarekin, den-dena XVII. mendearen hasierako estilo erromanistari jarraikiz egina, kalitatez nola-halakoa. Halaber, XVIII eta XIX. mendeetako urregintza-pieza batzuk.
Hilerriko kapera
XVIII. mendekoa. Oinplano karratuko da, tenplu txiki bat osatzen du, lau aldeetan arku beheratuen bidez irekia. Bertan, Amaiera Gurutzea dago, harrizkoa, XVII. mendekoa. Gurutziltzatuaren eta Sortzez Garbiaren erliebeak ditu herri-estiloan landuak.
Estelares Parkea
Estelares parkea ezin hobea da haurrekin ibiltzeko. Urtaro bakoitzak parkearen giroa aldatzen du. Ikuskizun ederra da begietarako edozein urte sasoitan ibiltzea. Gainera, haur parke bat dauka, bai eta jarlekuak eta bestelako erakarpenak ere. Horrenbestez, oso egokia inguruetan denbora tarte bat emateko.
Ezpeldoia Parkea
Ezpeldoia parkea herriko kiroldegiaren inguruan dago. Oso ingurune aproposa da bai herriko jendearentzat bai bisitarientzat atseden hartzeko, jolasteko eta denbora tarte atsegina pasatzeko. Parkean badira barbakoak eta, bertan ere, Eskulturen Pasealekua dago, Murietako Félix María López Casi eskultoreak ondutako eskulturen artean gustura paseatzeko. Artistak bere sorkuntza-lanak dohaintzan eman dizkio Murietako herriari.
Gisu-labea
Harrizko monumentu hori herriko biribilgune batean dago kokatua, Ezpeldoia kiroldegitik hurbil, eta betiko gisu-labearen simulazioa da.
Gisugileen lanbide zaharraren omenez egina dago gisu-labea toki horretan, lehenago Murietako bizilagun aunitz ofizio hartan aritzen zelako.
Gisu-labeetan karea egiten zen, kareharritik abiatuta. Karea, besteak beste, hormak zuritzeko, mortero gisa edota zuhaitzak tratatzeko erabiltzen zen.